NESKATILA

Posted on 1:57 a. m.

Dela urte batzuk idatzitako poesiak, badu zer esanik egun hauetan.

Arratsalde argitsua begi bistan,
neskato xarmant bat dakusat,
bere gelakideekin bat eginik
ikastetxetik kantuan eta barrez irteten!

Halako batean,
neskaren masail gorriak hasi dira zuritzen,
kopeta iluntzen,
begirada abailtzen,
salto brinkoka zebiltzan hanka arinak, hasiak dira larritzen!

Ikastetxeko kolunpioak lurrazpiratu dituzte,
eskola ingurua kaosa bilakatu dute.
Umeak, bera ere lurrazpiratuko duten beldurrez,
ziztu bizian alde egin du babesera,
sendi eta familiakoen artera!

Karriketan hilotzak zotinka, haurrak negarrez,
koaderno eta apunteak airean barreiatzen dira,
hauts hondarra eta odol lohidurak izugarriak dira.
Barneko samina eta elkartasuna adierazi asmoz,
neskatoaren begiak malkotan odolustu dira!

Jendea aztoraturik eta txilioka,
soinu bortitzak neskatilaren tinpanoak itotzen,
bere herriko ikurrinak ez ditu ezagutzen,
eta haurra noraezean ihesi doa!

Etxera iristen ari delarik,
neskatilak ez ditu hankak sentitzen
eta iritsi bezain laster lurrera jaurti da
Bere gurasoen etxea lur hondakin bilakatu da,
bere auzo alaia, hondamendi narras bat besterik ez da.

Harri horma batzuk,
zulaturik baina zutik diraute,
beste batzuk ordea,
lurrak irentsirik daude!

Hanka eta beso bat harri hormek zanpaturik,
neskatoak ez du bere amaren hilotza ezagutzen,
ez du bere herria ezagutzen,
ez du bere burua ezagutzen.

Galdetzen diot ene buruari
neska honek eta beste hainbatek
zein delitu burutu duten
patu hau merezi izateko?

Agian gernikarra izatea izan da euren delitua,
agian “Sabra” edo “Shateela”-n jaiotzea,
agian Iraken edo Afganistanen bizitzea.

Herri desberdin batean erditu
eta desberdina izatea tokatu izan zaizula da
zure delitua.

Gaua iritsi da,
eta hurrengo egunean,
egunak ez du argitu.

DESPISTATUON GAFEAK!

Posted on 1:54 a. m.

Pentsatuta neukan guztia. Ia guztia...
Etxea guretzat genuen. Katua eta txakurra konpainia egiteko prest. Maindire berriak, poltsa beroa eta kazike boteila prest.
Kalean afaldu genuen, nik hain gustoko nuen herri txiki horretan. Sentimenduak biltzen zaizkidan leku horretan. Oraindik ez dut ezagutzen bertan jatetxe begetarianorik, baina tira egun hura haragia jateko erreserbatuta neukan.
Oilaskoa patatekin. Iztar bakoitzari hozkadada ematen nion bakoitzean, zureak imaginatzen nituen eta tximeletek astoratzen zuten nire tripa. Begiradak gurutzatzen zitzaizkigun begi ninien dirdira artean.
Luze hitzegin genuen, biok gara eta hiztun xamarrak. Hitzegin genuen musikaz, okupazioaz, palestinaz eta latino amerikaz, ardo boteilak gure masailak gorritzen zituen bitartean. Postrerako txokolatezko pastela eskatu genuen, eta txokolatezko irrifarra zetorkidan zure gorputz biluzia oroitzean; gozoa eta goxoa. Azala azalaren kontra, ahhh... ederra!
Kotxea hartu eta etxerat abiatu ginen. Ilargi beteak inguruko paisaia argiztatzen zuen. Mendi eta larreak elurrez bustiak. Eta etxera iritsi orduko, zure ezpainetan busti nituen neureak, zure gorputzean urtu nintzen, txokolatea bezala, gozo eta goxo-goxo.
Gitarraz jardun ginen kantuan, kuba-kazike boteilak azken arnasa hartu zuen arte. Orduan oheratzeko ordua iritsi zen. Eta gitarra jotzen jarraitu nahi nuenez,honen ariak bailiran laztandu nizkizun ileak. Ilargiaren argipean, dastatu zintudan, goitik beheraino, behetik goraino, azken egunotako desira eutsiari bide emanez.
PENTSATUTA NEUKAN GUZTIA, IA GUZTIA... baina despitatua izaki, ahaztu zitzaidan, ahaztu beste despistatu bat nuela ondoan. Egunez nahasi zinen, eta ilargi betea bakarrik geratu zen gure zain, Ernioko magalean.

Posted on 1:46 a. m.
12 urte nituela aldegin zinen.
12 urte luze joan zaizkit
zu gabe!
Joan zinenetik ez da igaro
oroitu ez zaitudan egunik
eta irrifartsu oroitzen zaitut batzutan
negarrez bestetan.
Itsasoaren taupadez oroitzen zaitut,
eta bigarren tuneletik
bidaltzen dizkizut musuak.
Heriotzaren hatzaparrek
gazte harrapatu zituzten
baina gazte iraungo duzu
nire oroimenean
zuganako maitasuna
ez baita sekulan zaharkituko!
MAITE ZAITUT AMA!

Sarrera

Mi foto
Ño! hitzezko, ele gordinezko koktel bat... edan ezazu, esnatuko bazaitu... eta bestela zure garuna leher dezan... eguneroko errealitate gordina ikusezin egiten dituen neurona apurrak leher daitezen... eta esnatu... esnatu... ordua aspaldi pasa da eta!