Dela urte batzuk idatzitako poesiak, badu zer esanik egun hauetan.
Arratsalde argitsua begi bistan,
neskato xarmant bat dakusat,
bere gelakideekin bat eginik
ikastetxetik kantuan eta barrez irteten!
Halako batean,
neskaren masail gorriak hasi dira zuritzen,
kopeta iluntzen,
begirada abailtzen,
salto brinkoka zebiltzan hanka arinak, hasiak dira larritzen!
Ikastetxeko kolunpioak lurrazpiratu dituzte,
eskola ingurua kaosa bilakatu dute.
Umeak, bera ere lurrazpiratuko duten beldurrez,
ziztu bizian alde egin du babesera,
sendi eta familiakoen artera!
Karriketan hilotzak zotinka, haurrak negarrez,
koaderno eta apunteak airean barreiatzen dira,
hauts hondarra eta odol lohidurak izugarriak dira.
Barneko samina eta elkartasuna adierazi asmoz,
neskatoaren begiak malkotan odolustu dira!
Jendea aztoraturik eta txilioka,
soinu bortitzak neskatilaren tinpanoak itotzen,
bere herriko ikurrinak ez ditu ezagutzen,
eta haurra noraezean ihesi doa!
Etxera iristen ari delarik,
neskatilak ez ditu hankak sentitzen
eta iritsi bezain laster lurrera jaurti da
Bere gurasoen etxea lur hondakin bilakatu da,
bere auzo alaia, hondamendi narras bat besterik ez da.
Harri horma batzuk,
zulaturik baina zutik diraute,
beste batzuk ordea,
lurrak irentsirik daude!
Hanka eta beso bat harri hormek zanpaturik,
neskatoak ez du bere amaren hilotza ezagutzen,
ez du bere herria ezagutzen,
ez du bere burua ezagutzen.
Galdetzen diot ene buruari
neska honek eta beste hainbatek
zein delitu burutu duten
patu hau merezi izateko?
Agian gernikarra izatea izan da euren delitua,
agian “Sabra” edo “Shateela”-n jaiotzea,
agian Iraken edo Afganistanen bizitzea.
Herri desberdin batean erditu
eta desberdina izatea tokatu izan zaizula da
zure delitua.
Gaua iritsi da,
eta hurrengo egunean,
egunak ez du argitu.